XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ez, bestea ere ados badago jokoarekin, eta gauza bera egiten badu...

Asiara joan aurretik oso aldi polita bizi izan genuen biok.

Ez al da hala?

Baietz irakurri zuen nire aurpegian.

Trago bat egin eta asti puxka bat hartu zuen pentsatzeko.

- Zera da honen gakoa.

Ea ongi azaltzen dizudan.

Gauzak konparatzen direnean bakarrik hartzen dute bere benetako balioa.

Lagun berria ezagutu eta probatu ondoren, bikotekidearekin konparatuko duzu nahi eta nahi ez, eta gehienetan konprobatuko pitxi bat duzula etxean.

Baina konparazioa egin barik ezin da jakin urregorria ala bisuteria daukazun.

Buruak balantza egin zidan ezker-eskuin, sinisgogor.

Hurrengo galdera, mihi puntan izan arren, nekez irten zitzaidan, erantzunaren beldur bainintzen.

- Eta konparaketa asko egin al duzu Txina alde horretan?

Begi eta irri txinatarrez begiratu zidan.

- Bat edo beste bai.

- Eta zer moduz geratu naiz?

Esku bat bildu zidan bere biekin.

- Mundu guztiak izaten du gauzonen bat, baina Beñat, benetan diotsut: ez duzu parerik!

- Eskelikasko! egin nion, burua txinatarren erara makurtuz.

Puxka bat zorabiatuta sentitzen nintzen, eta ez txakolinagatik bakarrik.

Gauza gehiegi ziren batera.

Baina haizea alde zegoela nabaritzen nuen, eta aprobetxatu beharra nuela nabigatzeko.

- Eta zuri zer moduz joan zaizu? galdetu zidan irribarrea aldatu gabe.

Joanarekikoa kontatzeko momentua zen.

Eztarriko lakarrak kenduz, aitaren etorrera egunetik hasi eta pausoz pauso joan nintzen istorio guztia aletzen (...)